Eusebio Zuloagaren eskopeta damaskinatua 1864

Hileko pieza
Maiatzari hasiera emango diogu Eusebio Zuloagak egindako eskopeta dotore eta damaskinatu batekin. Eskopeta hau museoak dituen arma berezienen artean dago.
Card image cap

Lefaucheux sistemaren bidez eraikia izan zen eta urrezko eta zilarrezko apainketa damaskinatua dauka pieza osoan. Kanoiaren goiko aldean ekoizpen urtea eta ekoizlearen izena ere ageri dira damaskinaturik  ”Eusebio Zuloaga Arcab. De S.M.  Año 1864 En Eibar”. Apainketa elementuak aipaturiko kanoitik hasita eskopetaren kutxa edota guardamonteraino ikus ditzakegu. Giltzak galburuko perkusio-sistema dira, eta “frantziar erara” atzeratutako bi giltza ditu, baita urrezko eta zilarrezko damaskinatu akaberak ere. Pieza hau gordailu bezala erabili ahal izateko kutxa batekin dator. Eskopetarekin batera, honen erabilpen egoki eta mantentze lanetarako egokiak diren gehigarriak ere badira.

Eusebio Zuloagak Isabel II. Erreginaren garaian errege arkabuzgile titulua bereganatu zuen, eta, armagina izateaz gain, damaskinatuaren teknika apaingarriaren bultzatzaile nagusietako bat izan zen, zeinaren bidez pikaketa erronboidal finez inkrustazioak hartzeko azalera prestatzen baitzen. Armagintzaren ogibidea txikitatik ikasi zuen, izan ere, lehendabizi Soraluzen bizi zen bere osaba Ramon izan zuen irakasle eta ondoren bere aita Madrilen; geroago, Parisen bukatu zituen ikasketak Jean Lepage-ren lantegian. Horrela, denboraren poderioz, nazioartean maisu ezaguna bilakatu zen (1830-32).

1843. urtean Errege Armategiko Teniente Armagin Gorena izendatu zuten eta 1844. urtean Isabel II. Erreginak Errege Arkabuzgilea kargua eman zion. Bi lantegi izan zituen Eusebiok, bata 1842. urtean ireki zuen Madrilen, eta bestea Eibarren 1848an. Orain aurkezten dizuegun pieza, eskopetaren kanoian idatzita ikusten den bezala, bertan fabrikatua izan zen 1864. urtean.