Kanoi-zulatzailea
Burdinurtuan egindako 2,50 metroko luzeradun kanoi-zulatzaile hau Zamacola armagintza-lantegiko makineria industrial osoaren zati izan zen.
Makineria honek, zulagailuak, torneadoreak eta barrenadoreak besteak beste, hasieran energia hidraulikoaren bidez funtzionatu zuen. Turbina hidrauliko batek ardatza mugiarazten zuen zeinetara hainbat polea egokitzen ziren. Polea horiek, era berean, makineriaren mugimendua eragiten zuten, batik bat zulagailuena eta barrenadoreena, barra zulatzeko eta eskopeten kainoiaren arima egiteko balio zutenak. Sistema hidrauliko hau ohikoena izan zen gure inguruan industriaurreko eta industrializazio garaian. Aurrerago energia elektrikoak ordezkatuko zuen energia hidraulikoa.
Zamacola lantegia XIX. mendearen amaieran jaio zen, Felipe Zamacolak sortua, armagin-familia saga baten sortzailea bera. Geroago bere seme Pablo Zamacolak "Pablo Zamacola e Hijos" sortu zuen, berak eta bere bost semeek osatzen zutena: Juanek, Pablok, Silvestrek, Franciscok eta Cándidok. Pablo Zamacola eta Cándido bere semea Gerra Zibilean zendu ziren. Gainontzeko anaiek armagintzan jarraitu zuten "Zamacola Hermanos" izenpean eta Jabali markako eskopetak egin zituzten "E. Shilling y Cia" marka bartzelonarrari erosita. 1982. urtearen bueltan enpresak bere fabrika itxi zuen.
Tailer txiki hau, gaur egun oraindik Otaola Etorbidean dirauena, Eibarko armagintza eta arkitektura industrialaren ondarearen lagin berezitzat hartzen da. Horregatik Zamacola lantegi-etxea ondare kulturala izendatu da, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak monumentu kategoriarekin kalifikatuta. Horrela, Eibarrek bere erreferente kultural baliotsuenetako bat mantendu ahal izango du; izan ere, Zamacola lantegia ondare-balio garrantzitsua da gure herriko armagintzaren -XV. mendeaz geroztik tradizio luzea dueña- eboluzioaren, garapenaren eta produkzioaren lekuko dena.
Museoen Nazioarteko Eguna gurekin ospatzera eta gure museoa bisitatzera animatzen zaituztegu non gure historiaren eta tradizio industrialaren ibilbide interesgarriaz gozatuko duzuen.