SILCA Eibar enpresak egindako segurtasun-uhala
Segurtasun-uhala arnes bat da, talka eginez gero, ibilgailu bateko bidaiari bati eutsi eta hura bere lekuan mantentzeko diseinatua. Gaur egun, auto batera igotzean segurtasun-uhala lotzea automatikoki egiten dugun keinua da. Garai batean, ordea, ibilgailuek ez zekartzaten seriez, eta, beraz, halakorik nahi izanez gero, erosi egin behar ziren, eta gero instalatu. Gure inguruan nahitaez erabiltzeko agindua 1975ean iritsi zen, eta atzeko eserlekuetako bidaiariak 1992an behartu zituzten lotzera.
Alemaniako Marka eta Patenteen Bulegoak XX. mendeko zortzi asmakizun esanguratsuenetako bat izendatu du.
Segurtasun-uhalaren jatorria
Lehen segurtasun-uhalak 1885. urtekoak dira, eta zaldi-autoetan jarri ziren, bidaiariak eserlekutik eror ez zitezen bideko zuloen erruz. Printzipio bera aplikatu zitzaien lehen automobiletako batzuei, eta abiazioaren munduan hedatzen jarraitu zuen. 1911n Benjamin Foulois-ek oinarrizko segurtasun-uhala jarri zion Wright anaiek diseinatutako hegazkin bati. Helburua, batez ere, lurrean zein airean gorputzari eustea zen, aparatuaren gorabeheren aurrean, ez horrenbeste gorputzari heldu beharra istripua izanez gero.
50eko hamarkadan Preston Tucker izan zen autoetan bi lotura-puntuko segurtasun-uhalak jarri zituen lehen automobil-enpresa. Ekimenak, ordea, ez zuen gehiegi iraun, enpresak porrot egin baitzuen handik denbora gutxira. Geroago, Fordek eta Nashek ideia horrekin jarraitu zuten, eta beren autoetan segurtasun-uhalak jarri zituzten aukeran.
Handik gutxira, hiru lotura-puntuko segurtasun-uhala lantzen hasi ziren, gaur egun ezagutzen ditugunak bezalakoak. Asmakizuna Nils Bohlin ingeniariari zor diogu. Volvo enpresak 50eko hamarkadan kontratatu zuen, nazioarteko hedapen betean zenean. Gunnar Engellau zen orduan Volvoren zuzendaria, eta haren hurbileko senideetako bat trafiko-istripuan hil zen, bi puntuko gerriko bat lotuta zeraman arren. Bohlin laster hasi zen hiru lotura-puntuko segurtasun-uhalaren diseinu hobetua lantzen. 1959an esku bakarrarekin eta mugimendu bakar batean lotu zitekeen hiru puntuko segurtasun-uhala patentatu zuen. Uhal hura bi lotura-puntukoan oinarrituta zegoen eta hirugarren bat gehitu zion bidaiariaren sorbalden gainetik.
Produkzio masiboko ibilgailuetan ekipamendu estandar gisa seriez muntatutako lehen segurtasun-uhala 1959ko Volvo Amazon autoan jarri zen.
Volvok doan askatu zuen hiru puntuko segurtasun-uhalaren patentea, automobil-industria osoak doan erabil zezan. Eibarko Silca enpresak merkatu hori aprobetxatzen jakin zuen, baina aurretik segurtasun-uhalak homologatu zituen.
Silca S.A.
Manufacturas Silca Eibarren sortu zen 1952an, motozikletentzako eta bizikletentzako aulkiak eta zorroak egiteko. Sei bazkide izan ziren: Benedicto Dominguez Olabarria (1921- 2012), Juan Saban, Fernando Zuloaga, Carlos Alzola de la Sota eta Elgoibarko beste bi bazkide. Ondoren, automobilgintzaren gorakadarekin, segurtasun-uhalen fabrikazioari ekin zioten, muntaia-kateetan seriean jartzen hasi ziren arte. Merkaturatu aurretik, Industria Ministerioaren homologazioa lortu behar zuten.
1966an Silca enpresaren honako prototipo hauek homologatu ziren.
1 CS diagonala modeloa, CS- 1A itxitura-hebillarekin
6- CS diagonala modeloa, CS- 101A itxitura-hebillarekin
A-11 diagonala modeloa, CS 1 A itxitura-hebillarekin
60 CS modelo konbinatua, CS 11 itxitura-hebillarekin
A- 62 modelo konbinatua, CS – 101A itxitura-hebillarekin
1970ean Silca- Stece B modelo konbinatua ibilgailuentzako segurtasun-uhalaren txanda izan zen. Hebilletako eta ainguraketetako piezek homologazioko marka ofiziala izan behar zuten grabatuta.
1974ko Silca S.A.-ren publizitatea
Segurtasun-uhalek bizi-aseguru baten antza dute, baina garrantzitsuagoak dira. Aseguruak patrika babesten dizu. Uhalak zure bizitza eta familiarena babesten ditu. Gidari zuhurrek biak erabiltzen dituzte.