BH haur bizikleta
Hileko pieza
Hilabete honetan umeentzako BH bizikleta aurkezten dizuegu, Eibarren ekoiztua 70ko hamarkadan. Pieza hau Dario Tiradosen dohaintzari esker daukagu Armagintzaren Museoan ikusgai.

Domingo, Juan eta Cosme Beistegui Albistegui anaiek 1909an jarri zuten martxan tailerra Eibarren, eta han hasi ziren Mauser motako pistolak egiten. 1916an 40 langile zituen jada enpresak. 1923an bizikletak egiten hasi ziren, eta Gerra Zibilaren ondoren, BH Hermanos bizikleta marka oso ezaguna zen. Sektoreko beste enpresa batzuek bezala, BHk txirrindularitza-lasterketak antolatzen zituen eta txirrindularitza-talde bat babestu. 1955ean motozikletak ekoizten hasi, eta 1959an Gasteizera joan ziren.
Gaur egun, BH Bizikletak (edo BH Bikes) estatu mailako ekoizle handienetarikoa da, eta nazioartean ere presentzia handia du.