40ko hamarkadako BH bizikleta
Paseoko bizikleta da, elegantea eta klasikoa; piñoi finkoa du eta martxa bakarra. Urdina da, irudi geometriak ditu, eta BH markaren identifikazio-plaka. Larruzko zela eta jatorrizko indargetze-sistema nabarmentzen dira. Fokua Rinder enpresak egin zuen; enpresa hori Gernikan ezarri zen 1953an eta bi gurpiletako ibilgailuentzako argiztapen-sisteman espezializatu zen. Zerbitzuak eboluzionatu zuen eta merkatua hedatu zuten; lau gurpiletako ibilgailuen merkatuan sartu ziren eta kamioi, autobus eta autoentzako argiak diseinatzen hasi ziren. Gaur egun, enpresa Zamudion dago.
Bizikleta zaleek diote mota honetako bizikletak, mintzagai duguna bezalakoak, egundokoak direla. Pieza bakoitza maitasun handiz diseinatzen eta fabrikatzen zen. Arreta handia jartzen zitzaien koadroari, lohi-babesari, argiei eta bizikleta-parrillari. Osagai asko neurrira egiten ziren eta emaitza osotasun bat zen, ez zatien batasuna.
Beistegui Hermanos enpresa 1909an sortu zuten Cosme, Domingo eta Juan Beistegui Albistegui anaiek, haien argitasun eta ekintzailetza-espirituak bultzatuta. XX. mendearen hasieran, Mauser pistola fabrikatzen zuten. 1923ko armamentu-krisiaren ostean, bizikletak egiten hasi ziren eta Eibarko bizilagunei, euren lehen bezeroei, garraiobide azkar, eroso eta merkea emateagatik egin ziren ezagun. Haien bizikletak arinak, bizkorrak eta fidagarriak ziren. Kirolaren munduan ere arrakasta handia lortu zuten. 1935ean, BH guztiz ezarrita zegoen txirrindularitzaren munduan. 1955ean motozikletak egiten hasi ziren, eta 1959an Gasteizera eraman zuten egoitza. Han jarraitu zuten txirrindularitzako diziplina guztietarako goi-mailako bizikletak (errepidekoak, mendikoak, elektrikoak eta fitnessekoak, baita eliptikoak ere) eta osagarriak fabrikatzen.
BH bizikletek txirrindularitzan lortutako arrakastak
BH taldeak Espainiako itzuliko lehenengo bi edizioak irabazi zituen, 1935ean eta 1936an, momentuko txirrindulari onenetako batekin, Gustave Deloor-ekin (1913-2022). Beste garaipen historiko bat Fede Etxabek 1987an lortutakoa izan zen: Alpe d’Huez mitikoan Frantziako Tourreko etapa bat irabazi zuen. Gaur egunera etorrita, BH Liberty Seguros talde portugesaren eta AG2R talde frantsesaren hornitzailea izan da.
Inbentario zk. 11586