B.H. bizikleta estatikoa

1959 Hileko pieza
Beistegui Hermanos-en akronimoa da B.H eta Eibarren dauka jatorria. Hiru anaik (Domingo, Juan eta Cosmek) sortu zuten 1909an eta hasiera batean armak egiten zituzten.
Card image cap

Hala ere, Lehen Mundu Gerraren bukaerak armagintzaren industrian eragin zuen krisiaren ondorioz 1923an bizikletak egiten hasi ziren. Laster, txirrindularitza talde bat muntatu eta lasterketak antolatzen ere hasi ziren. 1959an, Eibarren enpresaren garapenerako espazio egokirik ez zegoela ikusita, B.H. Gasteizera eraman zuten. Eibarretik joan zen lehen enpresa handietakoa izan zen, 70eko hamarkadan areagotuko zen enpresa-exodoaren lehen zantzuetakoa. Gur egun oraindik oso marka ezaguna da, batez ere mendiko bizikletak (ingelesez MTB) egiten lehen fabrika europarra izan zelako eta nazioartera zabalkuntza handia izan zuelako. Aipagarria da 2012tik Gasteizko ekoizpen instalazioak itxita daudela eta soilik Portugal eta Txinatik ekoizten dutela.

Gure bizikletari dagokionez, bizikleta estatiko bat da eta freno mekaniko baten bitartez funtzionatzen du. Bakarrik aurreko gurpila dauka eta katea eta frenoa bertara lotuta daude. Frenoak marruskadura indarra baliatzen du pedalei eragiterakoan erresistentzia sortzeko. Bi eskulekuen artean daukan pieza (perilla) biratuz erregulatu daiteke frenoa, pedalkada gogor edo leunagoa lortzeko. Kanpoko itxurari erreparatuz gero berde argia da, malgukidun larruzko jarleku gorriarekin eta eskuleku metalikoarekin. Gainera, kate-estalki bat ere badauka markaren izenarekin eta gazela baten irudiarekin. B.H. Gacela markaren diseinuetako bat izan zen, eta hainbat modelo ezberdin atera zituzten izen horrekin bereziki 60 eta 70eko hamarkadan. Horrez gain, xasisean bi pegatina dauzka, enpresaren antzinako irudia izateaz gain (txirrindulari gorri bat) bizikletaren ezaugarrien inguruko hainbat informazio ematen digutenak, bai gaztelaniaz bai ingelesez. Esaterako, patente zenbakia eta ekoizpen urtea eta tokia: Gasteiz 1959. Datu horri esker Gasteizko fabrika berrian ekoitzi zen lehen bizikleta estatiko modeloa dela jakin dezakegu. Gainera, xasisa elektroforjaketaren teknika erabiliz eginda dagoela ere zehazten digute pegatinek, hau da, piezak soldadura elektrikoa erabiliz bateratuta daudela. Azkenik, bizikletak are bereziago egiten duten hiru elementu dauzka aurreko aldean: 30 minutuko gaitasuna daukan esku-tenporizadore bat, abiadura-neurgailu bat eta kilometro kontagailu bat. Gainera, atzeko aldean giltza bat ere badakar eskulekuen, jarlekuaren eta xasisaren atzeko aldearen altuera erregulatu eta erabiltzaile ezberdinetara egokitzeko.

Dudarik gabe, txirrindularitzaren altxorretako baten aurrean gaude, begiratu bakoitzean xehetasun berri batekin harritzen gaituen pieza eder baten aurrean.