Armaginaren omenezko monumentuaren maketa

Hileko pieza
Card image cap

Nestor Basterretxea, Bermeo 1924 – Hondarribia 2024

2024ko maiatzaren 6an, Nestor Basterretxea artistaren jaiotzaren mendeurrena ospatuko da. Museoak efemeride horrekin bat egin nahi du, eta armaginaren omenezko monumenturako egin zuen maketa erakutsiko du. Bozeto hori museoaren fondoko artelanetako bat da, eta museoko hallean ikus daiteke. Eskultura 80ko hamarkadan enkargatu zuen Eibarko Udalak, Aurora Bascaran alkate zela, Txaltxazelaiko urbanizazio berriko espazio publikoan jartzeko. Hainbat arrazoi direla eta, azkenean ez zen eskultura gauzatu. Laurogeiko hamarkadatik aurrera, artistak hainbat eskultura jarri zituen ikusgai.

Eskulturaren bozetoak artistaren proposamenera hurbiltzen gaitu eta hura ezagutzen laguntzen digu: eskopeta bat irudikatzen duen irudi estilizatu eta geometrikoa, 8 metro inguruko altuerakoa izango zena. Bere 2006ko Crónica errante y miscelánea artelanean, arteak testigantza sortzeko duen boterea aldarrikatzen du artistak. Beharbada horixe zen eskulturaren proiektu honetan bilatzen zuena, Eibarko industrialari armagileen lan onaren lekuko izatea.

Nestor Basterretxea. Arzadun

 

Nestor Basterretxea Bermeon jaio zen 1924ko maiatzaren 6an, eta Hondarribian hil zen 2014ko uztailaren 12an. 1936an, Frantziara erbesteratu zen bere familiarekin batera eta, Bigarren Mundu Gerra hasi zenean, Buenos Airesera joan ziren bizitzera. Bertan, publizitateko marrazketa garatu zuen lehen jarduera artistiko gisa. 1952an, hona itzuli eta Arantzazuko Basilikako kriptako horma-irudiak egiteko aukeratu zuten. Urtebeteko lanaren ondoren, Santutegiko dekorazioa geldiarazi zuen debekuak Basterretxeari ere eragin zion, eta 1984ra arte ezin izan zituen horma-irudiak amaitu. Bi talde artistiko garrantzitsuren fundatzaileen artean nabarmentzen da: 1957an Equipo 57 taldea osatu zuen Jorge Oteizarekin eta Agustin Ibarrolarekin batera, besteak beste, eta 1996an, Gaur taldea, Oteizarekin berarekin, Eduardo Chillidarekin eta abarrekin batera.

1958an, etapa piktorikoa amaitu zuen eta, hortik aurrera, eskultura izan zuen jarduera nagusia. Eskultura-lanen artean, Estelas eta Cosmogónica Vasca serieak nabarmentzen dira, antzinako euskal jainko mitologikoen interpretazioa, hain zuzen.

1963tik aurrera, hamar urtez, Nestor Basterretxeak diseinu industrialaren esparruan garatu zuen bere lana, batez ere hotelak dekoratzen eta altzariak diseinatzen. Argazkigintza esperimentalean ere aritu zen.

 

Haren lanak konstruktibismoari dagozkio lehen fasean, eta gero espresionismo abstrakturantz eboluzionatu zuten, Euskal Herriko mitologiaren eta herri-sinesmenen erreferentziaz beteta. Lan garrantzitsuenen artean, honako hauek ditugu: Eusko Legebiltzarreko hemizikloko zazpi adarreko zuhaitza, Donostiako Bakearen Usoa eta Renoko Euskal Artzainaren monumentua, 1996an Beasaingo Arriarango presan egindako esku-hartze monumentala ahaztu gabe.

«Hiru kilometroko horma-irudi» gisa definitu zuen zinema. Horrela sortu ziren Operación H (1963), Pelotari (1964) eta Alquézar, retablo de pasión (1965) film laburrak (azken biak Fernando Larruquertekin batera zuzendu zituen), eta Ama Lur – Tierra Madre (1966) film luzea.