Amaya idazteko makina

60. hamarkada. Hileko pieza
Ekainerako aukeratu dugun pieza nostalgikoentzat da: Amaya idazteko makina bat.
Card image cap

XIX. mendean jada bulegoetako lana ohikoa zen arren dena eskuz idatzi beharra zegoen eta horrek ikaragarri luzatzen zituen lan guztiak. Garai hartan jende asko ibili zen idazteko modu mekaniko bat asmatu nahian baina idazteko makinak ez ziren 1870eko hamarkadara arte komertzializatu. Egin zuen lehen enpresa Remington marka estatubatuar ezaguna izan zen.

Idazteko makinek 1920 inguruan gainditu zituzten hasierako zailtasunak eta diseinu estandar batera iritsi ziren. Nahiz eta modelo batetik bestera zenbait ezberdintasun egon gutxi gorabehera makina guztiek hurrengo mekanismoa erabiltzen zuten: tekla bakoitza tipo edo hegaxka bati lotuta zegoen, beste muturrean letrari zegokion erliebedun karakterea zeukana. Tekla sakatzerakoan tipoak tintaz bustitako zinta bat jotzen zuen eta paperean markatuta geratzen zen. Papera zilindro batean jartzen zen, helduta mantendu eta idatzi ahala mugitzeko balio zuena.

Espainiari dagokionez, idazteko makinak 1910eko hamarkadan iritsi ziren eta 70eko hamarkadan izan zuten ospe momentu handiena. Marka ezagunena Hispano-Olivetti izan bazen ere, Eibarren ere egon zen idazteko makina ekoizpena: Bilbao kalean zegoen Imperial Española S.A. enpresak esaterako Patria modeloa ekoitzi zuen, 1947an aurkeztu zuena. Suitzako beste makina baten oso antzekoa zen eta gerora Amaya izena hartuko zuen. Hortxe dago gure piezaren jatorria.

Pieza hau 2009an Mateo Guilabert Lopetegik egindako dohaintza baten bitartez iritsi zen museora eta oso baldintza onetan dago. Portatila denez, bere plastikozko karkasarekin dator, goiko aldean mugitu ahal izateko helduleku bat daukana. Makina bera plastiko eta metalezkoa da, grisa xehetasun urdinekin. Aurreko aldean markaren izena ageri da, alboetan bi hegorekin. Teklatuan zenbakiak eta hainbat sinbolo ezberdin aurkitu ditzakegu.

Berezitasun moduan teklatuaren albo batean tintaren kolorea (gorria edo urdina) aukeratzeko balio duen palanka bat daukala ikusi dezakegu. 1960ko patente eskaera bati esker, palanka hori Pedro de Arieta-Araunabeña y Ruizek asmatu zuela jakin dezakegu eta gutxienez 20 urtez Imperial Española S.A.k izan zuela erabiltzeko baimena. Antza denez horren aurretik kolorea aldatzeko mandoa segmentu edo zilindrotik gertu kokatzen zen eta horrek erabiltzeko zaila egiten zuen. Kokapen berriari esker kolore aldaketa azkarragoa eta errazagoa bihurtu zen. Halaber, datu horri esker esku artean daukagun pieza 60 edo 70eko hamarkadakoa dela esan dezakegu segurtasun osoz eta beraz, ez dela markak ekoiztu zuen lehen Amaya modeloa.

Ordenagailuz betetako gaur egungo munduan ondo dago noizean behin atzera begiratu eta gauzak nolakoak ziren gogoratzea.