Alfa kartel argiduna

Hileko pieza
Card image cap

Ekainako hilabete honetan Museoak eskuratu berri duena aurkezten dizuegu. Sevillatik datorren kartel argidun bat da, Eibarreko Alfa enpresa ezagunaren sare komertzial zabalari dagokiona. Enpresa hark mundu osoan zehar sare komertziala sortzen jakin zuen, hirurogeiko hamarkadatik aurrera, diseinu oso berritzailea zuten josteko makinen saltokiak eta konpontzeko lekuak jasotzen zituena, garai hartako publizitaterik berritzaileena faltan izango ez zuena.  

Mintzagai dugun kartel argidun hori, sare elektrikora lotuta, bi aldeetatik mirets zitekeen. Garai hartako Madrilgo Carabanchel Alto herrian kokatutako Elaboración Plásticos Españoles SA enpresak egin zuen eta Alfa enpresaren logo ezaguterraza erreproduzitzen du.

Eibarreko industriarentzat oso garrantzitsua zen fabrikatzea, berrikuntzak sartzea, produktu berriak sortzea, baina baita saltzen jakitea eta merkatu berriak sortzeko lekuetara heltzea ere. Publizitate-kartelek modu erabakigarrian lagundu zuten azken zeregin horretan. Mezu komertzialen egungo asetasunetik urrun zegoen gizartean lehenengotariko masa-komunikabideen artean daude.

Kartel argidunak proiektatzen ari diren mezua edo irudia nabarmentzeko argia baliatzen duten publizitate-kartelak dira funtsean: gure arreta dinamizatuz erakartzeko diseinatutako marketin-tresna boteretsua, aldi berean hiri-bilbeari argi egiten ziena. Kartel argidunen aurrerakada hori fluoreszentearen edo neonezko argien agerpenarekin gertatu zen. Azken horiek 1910ean sortu ziren, Georges Claude zientzialari frantsesak Paris Motor Show erakusketan ―1898an hasitako automobilen nazioarteko erakusketan― aurkeztutako asmakari gisa.

Hasiera-hasieratik, publizitatean eta alor komertzialean erabili ziren, arrakasta dezentearekin markentzat. Hamarkadetan zehar horien eraginkortasuna eta dibertsifikazioa bultzatu duten berrikuntzak txertatzen joan dira; hala nola formatu handiko pantailak, usaina bezalako efektu sentsorialak, LED argiztapena edo iragarki interaktiboak; hori horrela, etengabe bilakaeran dagoen formatua da. Azken urteetan ingurumena errespetatzen duten formatuak ere garatu dira, haize-energiarekin eta eguzki-energiarekin aktibatutakoak alegia, hala, hiri-kutsadurari buruzko legeriara egokitu dira.