Tigre karabina

1892 Hileko pieza
Aurten 1892 Modeloko Winchester espainiarrak ehun urte betetzen ditu. Tigre karabina gisa ezagututako arma hau GAC enpresak Eibarren egindakoa da. Hori dela eta, hil honetan, uztailean, gure bilduma iraunkorreko modelo hau hautatu dugu hilabeteko pieza gisa.
Card image cap

1892an elkarte gisa sortu zuten GAC enpresa (Garate, Anitua y Compañía) Juan Jose Larrañagak, Jose Francisco Anituak, Eulogio Anituak eta Nemesio Astaburuagak. Eibarko gainontzeko tailerrek bezala, hasieran armen ekoizpenean jardun zuen: pistolak, errebolberrak, errifleak eta eskopetak. Tigre karabina, Winchester espainiarra izenez ere ezaguna, 1956an hasi zen ekoizten 1939ra arte eta Guardia Zibilarentzat hornidura ofiziala izan zen hainbat urtetan zehar.

Esan beharra dago hasieran Winchester armak desegokitzat hartu zirela Espainiako Infanteria hornitzeko euren munizioagatik; izan ere, gelditze-indarra eduki arren distantzia luzeetan ez zuten doitasunik. Dena den, arma horien arintasunak eta su-ahalmenak lortu zuten erakargarriak bihurtzea Erregearen eskoltarentzat, non, nahiz eta kopuru txiki batean izan 1873an zerbitzua eman zuten. Geroxeago, 1892an, Winchesterrek behin eta berriro eskatuta eta emandako erraztasunengatik, Espainiako Gobernuak Winchester tercerola motako 2500 unitate erosi zituen.

Aurrerago, modelo hori berori Oviedoko Armen Fabrikan kopiatu zen Guardia Zibilaren Zalduntza hornitzeko. Orokorrean esan daiteke Winchester armek ez zutela arrakastarik izan Espainiako Ejertzitoan. Hala ere, GAC Eibarko armagintza-lantegi txikiak pentsatu zuen arma mota hauek Segurtasun-Indarrentzat eta herritarrentzat produktu bikainak izan zitezkeela. Horrela, 1919an Tigre karabina jaio zen, Winchester 1892 modeloaren kopia, 1926ko martxotik aurrera Guardia Zibilaren Trenbide-Dibisioaren arauzko arma izatera iritsi zena. Modelo honek bi aldaera eduki zituen: motza eta luzea. Lehenengoa Winchester 1892 modeloaren klona zen.

Dena dela, patente eta lizentzia kontuengatik GAC enpresak modelo luze bat sortzea erabaki zuen, mekanikoki motzaren antzekoa baina aldaketa estetiko txiki batzuk zituena. Honela, plagio-salaketa saihestuko zuten. Gure hilabeteko pieza, zehazki, palanka-sistemadun modelo luzea da. 540 mm-ko kanoi-luzera du, 44ko kalibrea, 2800 gr-ko pisua, ildaskadun arima eta kulata intxaurrondo-zurezkoa. Bai GACek egindako Tigre karabinak bai Oviedoko Armen Fabrikan ekoiztutako kopiek Gerra Zibilean erabilera handia izan zuten, bereziki bando errepublikanoan. Gaur egun, bere ekoizpenetik 100 urte pasa eta gero, partikularrek modelo hau erabiltzen jarraitzen dute ehiza-jardueretarako. Horrek berak armaren kalitatearen gaineko erreferentzia ematen digu.