Orbea bizikleta zela
Zelak burdinazko euskarria, bi malguki eta kobrezko bederatzi errematxe ditu. Fabrikatzailearen marka bi alboetan ikus daiteke.
Bizikletentzako larruzko lehenengo zela Birmighanen egin zuen JB Brooks & Co. enpresak. Leicestershireko bere jaiotetxetik 20 librarekin irten ondoren John Boultbee Brooksek sortu zuen 1866an zaldientzako uhaleria eta larruzko gauzak egiteko enpresa hau. 1878an Brooks jaunari zaldia hil zitzaion eta beste bat lortzeko aukerarik ez zuenez bizikleta bat eskatu zuen lanera joan ahal izateko. Bizikletaren eserlekua oso deserosoa iruditu zitzaion eta konponbide bat aurkitzea promes egin zuen. Honela, 1882ko urriaren 28an, bere lehenengo larruzko zela patentatu zuen. Produktu berri honek sekulako arrakasta izan zuen Europa osoan.
1927an JB Brooks & Co.ak "B66CH Champion" modeloa kaleratu zuen, bi malguki eta kobrezko errematxeak zituena. Hau izan zen garaiko zela famatuena. Orbeako 40ko eta 50eko hamarkadetako argazki eta katalogoetan gurea bezalako zelak ikus daitezke; hauek "Champion" modeloaren oso antzekoak dira.
Hamarkada horretan ere, Orbea Hermanos y Cíak armak egiteari utzi eta bizikletagintzan hasi zen. Baina zein izan zen Orbearen jatorria?
Orbearen lehenengo hazia Juan Manuel, Mateo eta Casimiro Orbea anaiek jarri zuten XIX. mendearen erdialdean. Enpresa hasiberriaren ekoizkin ospetsuena arma motza izan zen eta bere bezerorik garrantzitsuena Espainiako Gobernua. Gainera, Orbea izan zen energia elektrikoa ipintzen lehenengoa. XX mendean, Lehenengo Mundu Gerrari esker Eibarko armagintzak eduki zuen urrezko garaia eta gero armen eskaria jaitsi eta armen esportazioa debekatu zen. Ondorioz hoditeriarekin zuten jakitea aprobetxatu eta bizikletagintzari ekin zioten. 40ko hamarkadarako Orbeak 1.000 langile zituen eta urtero 50.000 bizikleta ekoizten zituen.
Lehenengo urte horietan zelak, pneumatikoa eta egurrezko hagunak bezala, ez ziren Orbeako instalazioetan egiten eta bezeroaren aurrean horien erantzukizuna hornitzaileak berak zuen. 60ko hamarkadarako ordea gurpil-azala izan ezik, gainontzekoa bertan egiten zen.
Bitxikeria modura mota honetako zelaren larrua ontzeko 800 bat kilometro egin behar dira bizikleta gainean. Hortik aurrera izugarri erosoak dira.
Piezaren emailea: Carlos Narbaiza.