Eibarko Belomotorrak

Card image cap
Otsailaren 21etik martxoan 31ra

50eko hamarkadan Eibarko bizikleta enpresa nagusiak ziklomotorrak egten hasi ziren, eta ,horrela, merkatuan zeukaten presentzia handitu egin zen.

Lehendabiziko motordun bizikleta eibartarra Motobic izenekoa izan zen, 1946. urtekoa. Era berean, 1950ean Echasak bi abiadurako Iresa motor bat jarri zion Stark bizikletari. Ondoren Mobylettea etorri zen, 1952an GACk erosi zuen patente frantziarra. 1952an Alfa, ABC eta Valenciaga Hermanos enpresek scootersak egiteko sozietate bat sortu zuten Innocenti italiar markaren litzentziapean. Lambretta Locomociones marka sortu zuten, eta 1954an izen horrekin fabrikatzen hasi ziren.

Beste enpresa batzuek ere jardun zuten ziklomotorrak ekoizten. Orbeak 1957tik Velosolex frantziarra komertzializatu zuen, eta ondoren bere modelo propioa egiten hasi zen. Ayra Durexek 1954an Master ciclo delakoa egin zuen. Eibarko markek hurrengo hamarkadetan ziklomotorrak fabrikatzen jarraitu zuten, 90eko hamarkadara arte, modelo ugari sortuz.

Eibarko belomotorrak izeneko erakusketak 60ko eta 90eko hamarkaden artean enpresa hauetan fabrikatu ziren piezak biltzen ditu; esate baterako, Beistegui Hermanos enpresako "mosquito" delakoa, Velosolex Orbea, Mobylettes GACko hainbat modelo eta zilindrada txikiko Lambrettak. Gainera, sasoi hartako material grafiko eta publizitarioa ere ikusi ahal izango da erakusketan.

Erakusketa hau antolatzeko hainbat enpresaren laguntza izan du Museoak, besteak beste, Club Lambretta, Agustin Lazarobaster, Manolo Murillo, Gaizka Iriondo, CDRko Jose del Rey, Lorenzo Zabala, Andoni Ayala eta motos Luis del Rey.