PD modeloko Star Pistola, Maria Jesus Berasaluzek damaskinatua

1982 Hileko pieza
Aurtengo urrian, berriro izango dira Europako Ondare-Jardunaldiak honako leloarekin: "Ondarea, emakumearen jaraunspena". Ekitaldi honen helburua da emakumearen garrantzia goraipatzea gure legatu kulturalaren sorreran eta transmisioan. Ospakizun honekin bat egiteko, María Jesús Berasaluze eibartarrak damaskinatutako pistoletako bat aukeratu dugu, zeina herensugez, lorez eta ekialdeko motiboez apainduta baitago. Ofizio-maistra hau Lucas Alberdiren ikaslea izan zen Eibarko Eskola Munizipalean, non urte askotan zehar jardun zuen.
Card image cap

1982an egindako PD modeloko luxuzko pieza hau, 45 ACP kalibrean egindakoa bera, pistola erdiautomatikoen arteko modelorik txikienetarikotzat hartzen da. Eragin sinpleko arma da, sei kartutxoko kargadoreduna eta Colt 1911-A1 modeloan oinarrituta dago. Estatu Batuetako merkatu zibilean onarpen handia izan zuen; izan ere, han defentsa pertsonalerako armetan ohikoa zen kalibre mota hau erabiltzea. Espainian, berriz, modelo honen salmentak ez ziren oso altuak izan, kalibre hau ez baitzen larregi erabiltzen.

Damaskinatua Ekialde Ertaineko herrialdeetako dekorazio-teknika bat da, burdinaren eta altzairuaren gainean metal preziatuak txertatzean datzana. Beste garai batzuetan, gure hiri armaginaren funtsezko jardueratzat hartu izan da, eta armak dekoratzeko ez ezik, era guztietako objektuak apaintzeko ere erabili da, hala nola, loreontziak brotxeak, zigarro-kaxak eta abar.

Jatorria ataujian eta nielatuan izanda, Eibarko damaskinatuaren historia 1865ean hasi zen Eusebio Zuloagarekin, zeinak teknika berrasmatu zuen, penintsulatik arabiarrak kanporatu ondoren galdu egin zen eta. Geroago, bere aitak hasitako proiektuarekin jarraituz, Plazido Zuloagak teknika hobetzeaz gain, berriztu ere egin zuen, kalitate eta meritu artistiko handiko produkzioa lortuz.

Gure hiribildu armaginak bizkor asimilatu zuen artisau-industria hau. Horrek prestakuntza eta ikaskuntza beharra ekarri zuen gizonez eta emakumez osatutako populazioaren sektore batean. Inguru historiko-artistiko honetan, azpimarratzekoa da Eibarko ondorengo emakume-belaunaldien lana, haiek garatu baitzuten lanbide artistiko hau. Aipagarria da Felipa Guisasola Gabiola (1852-1939) Eibarko damaskinatuaren aitzindaria eta erreferentea izan zena. Ofizio honen transmititzailea eta maistra izan zen hainbat hamarkadatan zehar eta Eibarko etorkizuneko damaskinatzaile-belaunaldien formakuntza eta ikaskuntza ahalbidetu zuen. Azkenik, 1989an, gaur egun itxita dagoen Eibarko Damaskinatu Eskolan ikasteko aukera izan zuten emakume haiek.

Hilabeteko pieza hau aukeratzean hausnarketarako bidea eman nahi dugu, argi gera dadin historian zehar Eibarko gizartean emakumeak zein protagonismo handia izan zuen, bereziki, gure kultur ondarearen sorreran eta transmisioan. Halaber, nabarmendu nahi dugu Eibarko emakumeak industria-lanekin zein damaskinatuaren arte-produkzioarekin izandako harreman estua; guzti hori inguru politiko-sozial ezegonkorrean, non emakumeak ez zuen erraztasunik bizitza sozialaren hainbat esparrutan parte hartzeko.