Pablo Sarasuaren zigarro-kaxa
Metal preziatuak burdinan edo altzairuan txertatzea gehienbat Ekialde Erdiko arabiarrei egotzi izan zaie. Hala ere, badirudi grekoek eta erromatarrek ere ezagutu zutela damaskinatua. Euskal Herriari dagokionez, XVII. menderako suzko armak eta arma zuriak grabatzen zirela badakigu, batez ere ataujiaren eta nielatuaren teknikarekin. Bi prozedura horiek Eusebio Zuloagak landutako Eibarko damaskinatuaren senideak direla esan genezake. Urrezko haria altzairuan txertatzeko Eusebio Zuloagak, puntzetarekin, erronboide-formako ildo finekin prestatzen zuen azalera. Sistema honen bitartez landu beharreko gunea lazten zuen eta urre-haria ia mikroskopikoak ziren ildo horietan ezartzen zuen, artistikotasun handiko lanak burutuz.
Eusebiok hasitako prozedura hori bere seme Placidok hobetu zuen, izan ere, lupaz begiratuta, ildo horiek irregularrak zirela jabetu baizen. Placidori ildoak esku-labanaz egitea bururatu zitzaion eta bizkorrago lan egitea ez ezik, grabatzeko azalera zehatz eta berdinagoa ere lortu zuen. Horrela, damaskinatua beste hainbat objektu dekoratzeko erabiltzen hasi ziren, gure hilabeteko pieza kasu, eta ez bakarrik armak apaintzeko.
Zigarro-kaxa hau Gregoria Gisasolarekin ezkonduta zegoen Pablo Sarasuak (Eibar 1885-1969) damaskinatu zuen. Sarasua Eibarrek eman zuen damaskinatuaren maisuetako bat zen, bereziki itzalduren eta erliebearen teknikak menderatzen zituena. Izan ere, familiatik zetorkion ogibidea eta trebetasuna Pablori. Bere aita, Donato, Placido Zuloagaren ikaslea izan zen eta 1857an bere tailerra sortu zuen Errebal kaleko 16. zenbakian. 27 urte zituela Maria Kristina erreginak Isabelen Ordenako Zaldun-Gurutzea eman zion grabatzaile gisa zituen meritu nabarmenengatik. Pablo bera ere Pio XI Aita Santuak entzunaldi berezi batean hartu zuen. Itzalduraren teknika damaskinatutako irudiei nolabaiteko bizia ematean datza eta oso ondo nabaritzen da zigarro-kaxako irudi alegoriko ederretan.
Jaso dugun altxor txiki hau Joseba Sarasua Gisasolak 2017ko abenduan egindako dohaintza bat da baina ez da familiak museoari eman dion pieza bakarra. Martxoko hilabeteko pieza ere Pablok berak damaskinatutako anfora zoragarri hau izan zen http://www.armia-eibar.eus/news/1488271848.
Animatu museoa bisitatzera eta ikusi nolako artelanak egiten zituzten Eibarren!