Felipa Guisasolak damaskinatutako markoa

1855-1939 Hileko pieza
Hil honetan, ekainean, Armagintza Museoak erositako azkeneko obra hautatu dugu hilabeteko pieza gisa: Felipa Guisasola artista eibartarrak (1855-1939) egindako marko damaskinatua bere jatorrizko zorroan.
Card image cap

Miguel Antonio Guisasolaren eta Josefa Gabiolaren alaba, Felipa Guisasola 1852ko apirilaren 30ean jaio zen. Artean umea zela hil zitzaion aita eta Udal Marrazki-Eskolan hartutako marrazki-nozio arin batzuk baino ez zituela Felipa haurtzaroan hasi zen damaskinatua egiten familia aurrera ateratzeko. 1865. urtean Isabel II.a erreginak Eibarrera egindako bisita bat zela eta, tokiko lanen erakusketa bat antolatu zen non Felipak damaskinatzaile gazte gisa parte hartu zuen. Haren lanak erreginarengan sortutako interesagatik urtean 1.500 pezetako beka eman zioten ikasten jarraitzeko. Horri esker aurrerago Plazido Zuloagarekin marrazketa maila hobetu ahal izan zuen eta bere artea garatu Eibarko damaskinatuaren erreferente bihurtzeraino.

Damaskinatuaren artean aitzindaritzat hartuta eta teknika artistiko honetan trebetasun berezia izanda, Felipak Udal Marrazki-Eskolan irakaslea izatea lortu zuen. Arte honen trasmititzailea izan zen hainbat hamarkadatan zehar eta etorkizuneko damaskinatzaile-belaunaldien formakuntza eta ikaskuntza ahalbidetu zuen.

Merkatari gisa Felipak bere bizitzan zehar hainbat damaskinatu-tailer eta estudio zabaldu zituen gure hiribilduan, baita Madrilen bere arte-sorkuntzekin lotutako negozioa ere. Garai hartan 1892ko "Gran Diploma de Honor de la Exposición de Madrid" saria irabazi zuen. Ondoren nazioarte mailako beste zenbait sari ere eskuratu zituen.

Hilabeteko piezari dagokionez Eibarko damaskinatuaren barruan pieza bikaina dela esan dezakegu. 1888. urtean Bruselako Erakusketa Unibertsalean "El Gran Premio de Progreso" saria eta urrezko domina jaso zituen obra honek damaskinatuaren teknika finaz gain artista handiek sorkuntzetan erabiltzen zuten teknika-aniztasuna erakusten digu.

Xehe-xehe landuta, marko damaskinatu honek hainbat teknika barne hartzen ditu: bozelketa-lanak, burdinan egindako irudi multzoen zizelkatzea, gune pabonatuak, graneteatutako akaberak eta apainketa artistiko delikatua. Amaiera bikaina emateko gure pieza jatorrizko kutxarekin dator: larruzko luxuzko zorroa urrezko gofratuak dituena.

Damaskinatu armaginaren historian pieza aparta den honetaz disfrutatu nahi baduzue, zalantzarik gabe etorri gure museora non erakusketa-gela iraunkorrean aurkituko duzuen.