1975ean, Alfa enpresak instalazio berri batzuk eraikitzea erabaki zuen bere mikrofusio-lantegirako. Ordu arte, enpresa honek josteko makinak egiteko San Andresen zeukan fabrikan egin zen prozesu hau, hain zuzen ere, 1953. urtean estatu osoko lehen mikrofusio-lantegia sortu zen tokian.
1970eko hamarkadan, jarduera horrek bereganatutako garrantzia zela eta, gerentziak beharrezko ikusi zuen entitate independente bat sortzea, kooperatiba historikotik apartatu gabe bere produkzioa sektore berrietara hedatuko zuena. Horrela, lantegi berria ez zen Alfa josteko makinentzako osagaien ekoizpenera bakarrik dedikatuko, baizik eta orientabide berri bat emango zien bertako jarduerei punta-puntako ekoizpen-prozesu horretaz baliatuz, arlo gehiagotara zabaltzeko asmoz, automoziorako piezak, ekipo-ondasunak, bai eta arte-lanak ere sortzeko.
Ikuspegi horretatik, Alfa Microfusión etxearen lantegi berria eraikin adierazgarri gisa pentsatua dago, eta irudi ausart eta dinamiko bati esker, bertako ekoizpen-sistema aitzindarien entseina bereizgarri bilakatzea lortu nahi zuten. Higiezin honen adierazgarritasun horrek erabakiko du, beraz, bere itxura arkitektonikoa, baita Otaola hiribidean duen kokapenak ere: Bilbotik Eibarrera sartzeko bidetik ongi ikusten den orube batean dago, hiriarentzat adierazgarriak diren enpresetatik hurbil, hala nola Bonifacio Echeverríaren Star arma-lantegi zenetik.
Miguel Ángel Lazpita arkitektoari eskatu zioten pabilioi berria egiteko, 1975. urtean. Hiri izaerako elementu batek,"lorategi txiki batek, alegia" eraikina inguratzen du, bere lerro arkiteknikoak azpimarratzen dituena. Fabrikak osotasun homogeneoa eratzen du, hiru zatitan bereiztua: bulego-, zerbitzu- eta fabrikazio-eraikina. Pasabide estali batek lotzen ditu hiru zatiok, langileak lantegian barrena ibil daitezen, eremu bakoitzean burutzen den lanari eragozpenik sortu gabe. Bulegoen blokea errezel-horma etenez egina dago, profil dinamiko batez, erremate metaliko poligonala duena, eta eraikinari itxiera ematen dio ongien ikusten den aldetik. Protagonismo handia du kristalezko eskailera-kaxa ederrak, monumentu-izaera nabarmena baitu, baita diseinu abangoardiazalea eta tratamendu zaindua ere; zati hau, izatez, Otaola hiribidean barrena doan automobil-gidariak jasotzen duen lehen inpresioa da. Horma hori saretuz doa, kristalezko gainazalaren mesedetan: sigi-saga doan erakusleiho edo galeria itzela milaka printzatan eteten da engranaje modura, hogeiko hamarkadan Mugimendu Modernoan inspiratutako fabrika-arkitekturaren erakusgarri bilakatutako errezel-hormen berrinterpretazio gaurkotu gisa. Arkitektura futuristaren eta espresionistaren gorazarre honi nolabait ere aurka egiten dio hormigoi armatuzko eskailera helikoidal sendoak, hormarik ezean ikusgai baitago, langileak nola dabiltzan agerian utziz, arkitektura makinistaren kontzeptuaren birrasmakuntza berri batean. Kristalezko fatxada bikaina eraikinaren aurkezpen-gutun bilakatzen zaigu: bulegoen gorputz honetan bazegoen mikrofusioan erdietsitako produktuetarako erakusketa-eremu bat, josteko makinetatik hasi eta eskultura artistikoetaraino. Eraikina, horrenbestez, fabrika-eraikinen tradiziozko baliabideen eta 1970eko hamarraldian arkitektura mota honen ezaugarri izandako berrikuntza formalaren arteko sinbiosi bikain bat dugu.
Hainbat urte geroago, enpresak eskultura artistikoen ekoizpen-lerroa garatzea erabaki zuen, momentu hartan oso gutxi ustiatutako merkatu-sektorea izaki, eta Otaolatik urrunen zegoen orube-zatian handitu egingo ditu bere instalazioak; hala, Star arma-lantegi historikoa egondako tokian Alfa Arte enpresaren tailer berriak eraiki zituzten, gaur egun Materi Art dena, eta bertan, eskultura publikoen prestakuntzan lan egingo dute, produktu estandarizatuek baino askoz ere ezagupen bereziagoak eskatzen dituzten tamaina handiko proiektu konplexuak lantzen. Era horretan, enpresa honek hamarkada batzuk lehenagotik garatzen zuen teknologia industriala artisten zerbitzura jarriko du, sorkuntza artistikoan aplikatutako industria-ezagupenen iturri.
Alfa Arte krisialdi ekonomikotik sortu zen, testuinguru ekonomikoaren eta Alfa enpresaren barruko aldaketen ondorioz zuzendaritzak ordu arte jarraitutako industria-estrategia berraztertu behar izan zuenean. Taldearen akziodun berriek analisi sakon bat egin zuten taldearen ezagupen, produktu eta merkatuen inguruan, eta amaitzeko ondorioztatu zuten jakituria garrantzitsua zutela metalari buruz eta galdaketa-prozesuari buruz. Egoera horretan eragin erabakigarria izan zuen beste faktore bat, hain zuzen ere, Azkoitian galdategi txiki bat egotea zen, Euskal Herriko eskulturagile nagusientzat modu isolatuan lan egiten zuena, esate baterako Oterizarentzat eta Basterretxearentzat.
Nolanahi ere, artisautza-tailerrekin eta oparitarako produktu-lineekin abiarazitako lankidetzaren alorreko lehen ekimenek ez zuten nahikoa arrakasta erdietsi, eta 2000. urtetik aurrera, zuzendaritzak inbertsio berriak egitea erabaki zuen, ikuspegi berri horren alde egiteko helburu garbiarekin: eskultura handiak egitea, eta gehienak eremu publikorako xedatuak. Egoerari, ingurunearen ezagutzari eta apustu estrategikoari buruzko analisian oinarrituta etorri zen erabaki hori.
Enpresaren historiako beste mugarri garrantzitsu bat 2007. urtean etorriko da, bere estrategia berraztertu ondoren Alfa Arte zerbitzu-enpresa gisa definitzeko erabakia hartu zutenean, produktuen ekoizle gisa burututako industria-jardueraz haratago, eta hala, "neurrira egindako industria-prozesu bat" egiten hasi ziren, ia artisauen parekoa, moldakortasuna eta malgutasuna ardatz izanik, industria-gaia moldatuz sorkuntza artistikoaren prozesua erraztearren.
Anemona Studioa, 2015, Eibar www.anemonastudioa.com
Ondartez www.ondartez.com