OJMAR enpresak (Ojanguren y Marcaide) Arane auzoan egiteko eskatu zuen industria-eraikin honen historiak, funtsean, Eibarren historia eta bertako arma-industriarena laburbiltzen ditu.
Enpresa hau 1917. urtean sortu zen, Eibarko armagintza-tailerrek beren ekoizpen kopururik handienak erdietsi zituzten urtean hain zuzen ere, Espainiak I. Mundu Gerran izandako neutraltasunak erraztuta. Urte hartan, Francisco Ojangurenek, GÃÂárate, Anitua y C.ÃÂê (GAC) arma-lantegian langile gisa ibili ondoren, Domingo eta Basilio Marcaide anaiekin elkartu eta OJMAR enpresa sortu zuen, BenemÃÂérita markako pistola automatikoen ekoizpenean lan egiteko.
Beste hainbat tailer bezala, Eibarko hiriaren erdi-erdian kokatu ziren, Maiatzaren Bia (gaur egun Toribio Etxeberria) kaleko etxebizitza-bloke baten patioan, Untzaga plazatik eta herriko udaletxetik metro batzuetara. Han, egurrezko eraikin xume batean, beren errebolberrak ekoitzi zituzten, eta jarduera horretan lan egin zuten 1939. urteraino. 1940ko eta 1950eko hamarraldietan handitu egin zuten ekoizpena, aire konprimituko karabinak egiten hasi baitziren. Enpresa hazi izanak espazioen premia handiagoa ekarri zuen, eta hala, 1957. urtean, Arane kalean RamÃÂón Martiarena arkitektoak proiektatutako instalazio berrietara joan ziren. Hor, OJMAR enpresak sarrailagintzako gaiak egitera birbideratuko du bere ekoizpena, eta gaur egun ere eginkizun horretan dihardu Elgoibarko Lerun industrialdean.
1998an, eraikin hori Industrias Pampo izeneko enpresak okupatu zuen, malgukiak ekoizteko; industria-eraikinek Eibarren izan duten berrerabilpenaren adibide on bat dugu hori.
Industria-lantegi hau gure hiriko eraikinik berezienetako bat da, aldapan dagoen inguru batera ezin hobeto egokitutako egitura duelako. Horretarako, Martiarenak irtenbide arkitektoniko ausart bat proposatu zuen, hormigoi armatuzko egitura batean oinarritua, lau altueratan banatua eta espresibotasun handiko bi fatxada kurboen bidez errematatua. Arkitektura zaindu horrek baditu nolabaiteko dekoratibismo baten ukituak, XX. mendearen bigarren erdiko industria-eraikinetan ohikoa ez izan arren, batez ere materialen erabilerari dagokionez, horrelakoek berezkoa duten eraikuntza-ekonomiatik urruntzen baita.
Higiezin honen ezaugarrietako batzuk dira fatxadaren efektu plastikoa, horma leunaren eta harrizko zokaloaren arteko testura kontrastatuak, angeluan dagoen atearen espresibotasuna eta bere lineen purutasuna, eta hori guztia, ikusmen-indar handiko eraikin batean, terraza bezala erabil daitekeen estalki lau batez errematatua, Eibarren beste eraikin askotan dagoen modura, etorkizunean bertikalki gehiago handitzea ahalbidetzen baitu horrek. Baoen tratamenduak are gehiago indartzen du plastikotasun hori, bi alaka kurboetan: atzealdekoan bi leihate kokatuta daude solairu bakoitzeko, fatxadaren kurbadura horri egokituak, eta simetria-ardatza alakaren kurbarik handieneko puntuan dute; aurrealde nagusian, aldiz, solairu bakoitzak leihate bakarra du, eta horren erdigunea horma-atalaren kurbadurarik handieneko puntuan kokatua dago. Hormigoizko sei zerrenda bertikalek banatzen dituzte bao horiek, eraikinaren goitik beherako garapen osoa zeharkatzen dutela, erlaitzetik hasi eta sarbide nagusiaren gaineko markesinaraino, eta baliabide horrek fatxadaren gehiegizko monotonia puskatzen du nolabait eta balio espresibo indartsua ematen die leihoei; elementu hauek berez funtzionalak dira, oinplano osoari argi naturala emateko premiari erantzuten diotelako. Era horretan, Martiarenak, barrualdea taxutzeko orduan nahiago ditu argitasun handiko oinplanoak, egituraren hormigoizko zutabeek bakarrik zuinkatuak. Eskaileren eta karga-jasogailuen bitartez solairuen artean egiten den komunikazio zentzudunari esker, berriz, higiezin hau kalitate handiko arkitektura baten gisa defini dezakegu, eta horrez gain, ezin hobeto erantzuten die Eibarko industriaren premiei: ekoizpenerako eremu zabalak, ahalik eta lurzorurik urriena okupatuz. Azken batean, guztiz hirikoa den eta nortasun nabarmena duen egitura bat, industriarako izate horrek markatua eta berrerabilpenerako ahalmen ikaragarria duena.
Anemona Studioa, 2015, Eibar www.anemonastudioa.com
Ondartez www.ondartez.com