boj - barrenechea, olañeta y juaristi

ARKITEKTOA: Raimundo Alberdi Abaunz 1939


1905. urtean Manuel Barrenecheak, Bernardo Olañetak eta Vicente Juaristik Barrenechea, Olañeta y Juaristi izeneko enpresa eratu zuten Eibarren, bere siglen bidez ezagutuko dena: BOJ.


Hasiera batean, Jardiñeta kalean hasi ziren lanean, hiriaren erdigunetik urrun. Lehenengo tailer horretan, armaginentzat eta damaskinarientzat txantiloiak egiten zituzten, baita albaitarientzako erremintak ere. Gaur egun, agian, produktuok harrigarriak iruditzen zaizkigu hiri armaginaren testuinguruan; halere, garbi erakusten digute orduko industrialariak merkatu berriak bilatzen ari zirela, metalurgiarekin loturiko ezagupen teknikoak aprobetxatuz. Horixe izan da, hain zuzen ere, betidanik Eibarko industriaren bereizgarrietako bat.


plano fachada principal

Gerra zibila amaitu ondoren, 1937an, enpresariek tailer berriak eraikitzea erabaki zuten, beren kokapena Matsaria ingurura aldatuz, garai hartan industriaren hedapenerako inguru bilakatzen ari baitzen auzo hori. Han, sorreratik bertatik enpresaren ezaugarri izan zen ekoizpen motarekin jarraitu zuten, baina horrekin batera, etxerako tresna txikiak ekoizten hasi ziren, eta horietako batzuk ezarpen zabala eta ospe handia izatera iritsi dira: dortoka-papergainekoak eta, batez ere, kortxo-kentzekoak dira famatuak. Horien artetik nabarmentzekoa da 502E modeloko kortxo-kentzekoa, palanka bikoitzekoa, “Hontza” izenez ezagutu izan dena, David Olañetak diseinatutako eta enpresa honek 1932. urtean patentatutako objektua, sekulako merkataritza-arrakasta erdietsi zuena.


modelos de prototipos BOJ

BOJen kortxo-kentzeko hori XX. mendearen lehen urteetan (hiriaren jarduera nagusi izandako arma-ekoizpena gainbehera hasi zenean) Eibarko industriek krisialdiari aurre egiteko baliabideen eredua da. Eibarko armaginen asmamena agerian geratuko da, eta sorkuntza-lanen benetako loraldi bat ezagutuko dugu: burdindegiko objektuak, hala nola kortxo-kentzekoak eta papergainekoak, enpresaren ekimenaren ikurrik adierazgarrienak bilakatuko dira. Barrenechea, Olañeta eta Juaristiren espezializazio-alorra, une horretatik aurrera, kortxo-kentzekoak, bizarra egiteko makinak, sarrailak eta lata-irekigailuak izango dira, eta horixe izango da Matsariako beren tailer berrietan egingo duten ekoizpena.


Enpresaren ikur bereizgarri bilakatu den eta enpresak hainbat hamarralditan bere idazpuru eta diseinu komertzialetan erreproduzitu duen eraikin berezi hau 1939. urtean eraiki zuten, Raimundo Alberdi Abaunz arkitektoaren proiektuari jarraiki; arkitekto hau Eibarren berreraikuntzaren izenik garrantzitsuenetako bat izan zen, eta neurri handi batean, hiriak egun duen irudiaren erantzule. BOJen tailerra eraikin funtzionala da, hormigoi armatuzko egituraz eraikia, material moldakor horrek aukera ematen baitzuen eraikina oinplano errektangeluar batez egitea, urez estalitako terraza zuena, etorkizunean gorantz handitu zitekeela aurreikusiz.


edificio BOJ 2

Epealdi horretako industria-eraikin gehientsuenak bezala, edifizioaren kanpo-itxura zurruna da, soila eta apaingarririk gabea. Hala eta guztiz ere, horrek ez du esan nahi eraikin arrunta, lausoa edo nortasunik gabea denik. Alberdiren meritua, hain zuzen ere, baliabide-ekonomia enpresaren irudiarekin uztartzen asmatzea da, kalearen profilarekin egokitzen den fabrika bat sortu baitzuen, fatxada kurbo berezi batez, dorre nagusi gisa eskailera-kaxa biltzen duena. Eraikinaren ardatz bisual bilakatu den gorputz horretan bi leiho biribil zabaltzen dira, gorputz osoa goitik behera zeharkatzen duen bao bertikalarekin kontrastea egiten dutenak eta horiei esker argiztatzen da barneko eskailera, aldameneko bi gorputzen hormetan ardatz horizontalean zabaltzen diren kristalezko leihate zabalekin ere kontrastea eginez. Horrek guztiak erritmoa ematen dio fatxadari, monotoniatik eta gehiegizko erregulartasunetik ihes eginez eta Eibarko, Gipuzkoako eta Euskal Herri osoko industria-arkitekturaren adibiderik nabarmenetako bat bihurtuz, enpresak bere produktuen modernotasun eta kalitatearen ikur bilakatu nahi izan zuen higiezina.


edificio BOJ 1

Anemona Studioa, 2015, Eibar www.anemonastudioa.com
Ondartez www.ondartez.com