Beistegui Hermanos enpresa, Orbea eta GAC bezalaxe, eibartarrek hobetzeko eta berritzeko duten grinaren adibide dugu. Enpresa hau armagintza-tailer gisa sortu zen 1910ean, Domingo, Juan eta Cosme Beistegui Albistegui anaien ekimenez: Domingo bazkide kapitalista izan zen, Juanek armagintza-ezagupenak eskaini zituen eta Cosmek merkataritza-jardueren ardura hartu zuen. 1913an, hiru anaiak arduratzen ziren beren armagintza-tailerraz, eta hasiera hartan lau langile zituzten. Tailer txiki batean instalatu ziren Urkizu inguruan, Grabatzaileak kaletik hurbil (gaur Bittor Sarasketa), eta XX. mendearen hasierako Eibarko industriaren eredurik zabalduena errepikatu zuten. Lantegi txiki hau berehala enpresa garrantzitsu bihurtu zen, eta bere langileen kopurua hamar aldiz handiagoa egin zen hiru urteren buruan, 1916. urtean berrogei langile aritzen baitziren lanean. Dena den, Eibarko beste hainbat armagintza-tailerrekin gertatu bezala, I. Mundu Gerra amaitzean sektore honek bizi izandako krisiak gogor astindu zuen enpresa. Une horretan beren ekoizpena arlo gehiagotara zabaltzea erabaki zuten, arma-ekoizle gisa zituzten ezagupenak geroago beren produkturik ezagunena bilakatu zen horretan aplikatuz, hots: bizikletan.
Aldaketa hori sekulako arrakasta izan zen. 1926an enpresaren itxaropenak ezin hobeak ziren. Ekoizpena handitzeak eta, horrekin batera, mozkinak ere nabarmen handitzeak, tailer zabalago batzuk eduki beharra aztertzera bultzatu zituen Beistegui anaiak, ekoizpen berri hura garatu ahal izateko batik bat, baina baita ere, beren bizikleten salmenta erraztuko zuen enpresa-irudi egoki bat sortzeko. Orduan erabaki zuten beren instalazioak handitzea, solairu bakarreko tailer xume bat izatetik hormigoi armatuzko eraikin sendo batera aldatuz, hain zuzen ere Urkizu eta Bittor Sarasketa kaleen artean egun oraindik ere ikus dezakegun horretara.
Obra hori ez zuten arkitekto baten esku utzi; aitzitik, obra-maisu bat kontratatu zuten, lanbide horrek eraikin pribatuak eraikitzea ahalbidetzen zuelako, hala nola etxebizitzak, saltokiak edo lantegiak.
Fernando Zumarraga obra-maisua hautatu zuten horretarako, eta hala, bere gain hartu zuen instalazio berrien planoak egiteko ardura; instalazio horien neurriek, dena den, tailer batenak baino gehiago, fabrika batenak dirudite. Bizikleten ekoizpenak piztutako itxaropen onak kontuan izanda, enpresa etorkizunean handitzea ahalbidetzeko moduan proiektatu zen eraikina hasiera-hasieratik; eta horrexegatik aukeratu zuten bi solairuko eraikin bat, estalki lau batez errematatua. Hala, 1926ko urte horretan bertan, Beistegui anaiek fabrika handitzea erabaki zuten, hirugarren solairu bat gehituz, hura ere estalki terrazadun batez errematatua, etorkizuneko ekoizpen-premiek are gehiago handitzea eska zezaketela aurreikusiz, enpresaren historian barrena gertatu ere gertatu zen moduan. Fernando Zumarragak hartutako irtenbidea, gainera, oso interesgarria izan zen espazioen barne-banaketari zegokionez, bi fatxaden artean angelu alakatu bat barneratu baitzuen, barrualdeko bulegoen eremuari zegokiona. Era horretan, obra-maisuak aurrea hartuko dio Eibarko arkitekturaren ezaugarririk adierazgarrienetako bati, izan ere, bertako eraikinek sarritan soluzio hau baliatuko baitute gerra zibilaren ondorengo urteetan, eta horren adibide nabarmenak dira, esaterako, Fundiciones Aurrera, Cadena iris, Lambretta Locomociones, Alfa eta beste hainbat.
Alaka hori, kasu honetan, berezitasun nabarmen bilakatu zen Beistegui Hermanos fabrikarentzat, enpresaren armarria bertan kokatu zelako eta hiri-ingurunean identifikatu zuelako.
Hiri-izaera hori da, hain zuzen ere, eraikin honen ezaugarri nagusia, eta bere bertuterik handiena, berriz, duen moldakortasuna da, Eibarko industria-arkitektura osoak berezkoa duena. Bere diseinu eta kontzepzio berezi hori dela eta, egun erabilpen berri bat eman ahal izan zaio, eta hala, bertako instalazioak tailer eta biltegi gisa birmoldatu dira, erabilera berriak dituztela; Erabilpen berriok islatzen dute Eibarko industria-ondareak bizitza berri bat duela.
Anemona Studioa, 2015, Eibar www.anemonastudioa.com
Ondartez www.ondartez.com