Gaur egun Bidebarrieta kalean altxatzen den eraikina 1940koa den arren, Fundiciones Aurrera enpresaren historia XIX. mendearen lehen erdian hasi zen, eta Eibar industria-hiri bilakatu duten enpresa garrantzitsuenetako baten kontakizuna litzateke.
Sociedad AnÃÂónima Aurrera enpresa 1833. urtean sortu zen, eta horren sorrerak zerikusi handia du Eibarko arma-industria kementsuarekin. Hori sortu izanak helburu argia zuen: hiriko arma-lantegiek burdina xaflagarriaren galdategi bat hurbil edukitzea, azkar hornitzeko aukera emango ziena, eskualdeko beste industria batzuen mende egon beharrik gabe. Enpresa honek hasiera-hasieratik izan zuen sekulako arrakastaren erakusgarri da hastapeneko kapitalak izan duen igoera: bost urteren buruan, enpresa abian jartzeko 40.000 pezeta haiek 80.000 pezeta bihurtu ziren, jaulkitako lehen 250 akzioen balioa bikoiztuz; akzio horiek, oso osorik, galdategiaren arrakasta bilatu zuten armagin eibartarrek berek erosi zituzten.
Enpresaren hazkunde ekonomikoarekin batera, instalazioek ere hazkunde fisikoa ezagutu zuten. Bidebarrieta inguruko orube bat hautatu zuten kokagune, urte batzuk geroago Arane auzoa sortuko zen mendi-mazelaren aldamenean. Hala, XX. mendearen lehen urteetarako, Fundiciones Aurrera enpresak 2.500 m2ko azalera hartua zuen, eta bere industria-jarduerarekin loturiko era guztietako instalazioak zituen bertan: moldeaketa-eraikina eta labeak, makineriaren pabilioia, biltegiak, bulegoak... Fabrika eta galdategi benetan modernoa, kokatu zen tokiari izena emango diona: izan ere, Bidebarrieta kalearekiko elkarzut doan kaleak, gaur egun oraindik ere, Urtzaile izena du, bertan mende batez garatu izan den jarduerari aipamen garbia eginez.
Beste hainbat enpresarekin gertatu bezalaxe, bonbardaketaren eta 1937ko apirilaren 25eko sutearen ondorioz Eibarko industria-ehuna suntsitu ondoren, 1940. urtean instalazio berri batzuk eraiki behar izan zituen Fundiciones Aurrera enpresak. Horien artetik, aipatzekoa da bulegoen eraikina, enpresa honek 1930eko eta 1940ko hamarraldietako arkitektorik aktiboenetako bati eskatua, hots, gerra zibilaren ondoren Eibarko hiriaren berreraikuntzan higiezin asko eta askoren arduradun izan zen arkitektoari: Raimundo Alberdi Abaunzi. Arkitekto honek etxebizitzen eraikin bat diseinatu zuen, hormigoi armatuzko egitura eta estalki terrazadun batez, Arkitektura Mugimendu Modernoaren joerekin bat zetorrena, eta bere moldakortasunari esker Eibarren ugarien hedatua dagoen tipologiari dagokiona.
Horren emaitza eraikin funtzional bat da, alaka kurboa duena, dorre modura taxututako konposizio-erritmo zaindu batez, eta lau solairu ditu bulegoetarako xedatuak, gainerako higiezina ez bezala, bi solairu bakarrik baititu, eta garapen guztiz horizontala. Arkitektura hau funtzionalismoaren adibide nabarmen gisa goraipatua izan da merezimendu osoz; lerro geometriko puruak ditu eta forma kurbo nabarmena bulegoen eremuan. Baina eraikin hau soluzio alakadun erakargarri bat baino gehiago da. Izan ere, Eibarko industriaren barruan galdategirik garrantzitsuenetako bat izan zen Aurrera, burdina xaflagarrizko piezatan 100.000 kilogramo baino gehiago ekoizteko gaitasuna zuena. Raimundo Alberdik 1940. urtean ez zituen bulegoak bakarrik proiektatu, burdina-gaiak ekoiztera xedatutako fabrika bat baitzen. Industria-egitura horiek, gure bistarako ezkutatuak eta etxadiaren barrualdean nahasiak egon arren, beren eraikuntza-sinpletasunagatik eta kezka formal urriagoa izateagatik, zentzu handiagoa ematen diote gaur Bidebarrieta kaletik ikusten dugun arkitekturari. Izan ere, Fundiciones Aurrera enpresaren instalazio zaharrak gaur egun beste erabilera batzuetarako berrerabili dira, hala nola bulego eta tailer izateko, eta 1990eko hamarraldian beren itxura guztiz berritu bada ere, gure hiriko eraikinik garrantzitsuenetako bat izaten jarraitzen du oraindik.
Anemona Studioa, 2015, Eibar www.anemonastudioa.com
Ondartez www.ondartez.com