1925-1961


Letrero Alfa

Bere bizitzako ia 100 urteetan, Alfa enpresaren tailer eta instalazio desberdinetatik era guztietako objektuak atera dira, su-armetatik hasi eta monumentu-eskulturetaraino. Hala eta guztiz ere, gaur egun bere produktu garrantzitsuena izan zenagatik dugu ezaguna eta gogoratua: josteko makina. Horregatik, harrigarria egingo zaigu jakitea, enpresa hau 1920. urtean sortu zenean, haren fundatzaileek ez zutela sekula pentsatu horrelako ekoizpenetan lan egitea.


Maquina de coser Alfa Portatik Maletin

"Sociedad Anónima Cooperativa Mercantil y de Producción de Armas de Fuego "“ Alfa izeneko enpresa 1920ko urriaren 28an sortu zen, hain zuzen ere errebolberren ekoizpenean jarduteko. Bere fundatzaileek, Eibarko fabrikarik garrantzitsuenetako batean, Orbea Hermanos izenekoan, lan egin zuten eta bertan ikasi zuten armaginaren ofizioa, eta beren indarrak enpresa berrian batu eta errebolber kulunkarien ekoizpenari ekitea erabaki zuten. Hala, denbora laburrean, etekin handiak eta merkatu-kuota garrantzitsua erdietsi zituzten. Fundatzaileak Joaquí­n Tellería (bertako lehen lehendakaria ere izan zena), Eusebio Alustiza, Benito del Barrio, Florencio Alonso, Telesforo Ocamica, José Barrutia eta Diego Osa izan ziren, eta aukeratutako enpresa-erregimena, berriz, kooperatibarena izan zen, Euskal Herrian sortutako lehena izanik.


Operarios de Alfa

Josteko makinen ekoizpena geroago etorriko zen, 1925ean, armagintza-sektorean izandako krisiari erantzun nahirik: langileek armagintzan bereganatutako ezagupenak eta gaitasunak aprobetxatu zituzten eta produktu berriak sortzeko erabili zituzten, arlo gehiagotara zabalduz, enpresaren biziraupena ahalbidetzearren. Aldaketa horrekin bete-betean asmatu zuten, eta 1932an, Sociedad Anónima Cooperativa Alfa izena hartu zuen enpresak, su-armen ekoizpena behin betiko alde batera utziz.


Lehen urteetan enpresa honek oraindik ez zuen lokal propiorik eskuratu, eta kooperatibista guztien artean tailer bat hartu zuten errentan, Bista Eder kalean. Laster, halere, enpresa berriaren arrakastak San Andres kalera lekualdatzeko aukera eskaini zien. Han orube bat okupatu zuten, eta denborarekin, hamaika pabilioi altxatu zituzten, 18.959,12 m2ko azalera batean, eta horietatik 3.384 m2, Ego ibaia lurperatzeari esker irabazitako lurretan izan ziren.


Plano del primer edificio

Kokapen honetan altxatutako lehen eraikina 1929. urtean Augusto Aguirre arkitektoak egin zuen; higiezin guztiz industrial bat proiektatu zuen, hormigoi armatuzko egitura batez, eta hiru solairu, leihate zabalak kanpoaldera eta argitasun handiko oinplanoa zeuzkan. Fabrikaren lehen instalazio hauek, kontzepzio aldetik helburu handikoak izan baziren ere, hondamen garrantzitsuak jasan zituzten gerra zibilean, eta garai horretan, gainera, sakabanatuta geratu zen enpresaren makineria. Alfa enpresa birfundatu egin behar izan zuten gerraren ostean, eta 1940eko hamarraldian, zabalkunde-aldi bati ekin zion, instalazioen hazkundean ere islatu zen moduan: 1943. urterako berrikuntza garrantzitsuak egin zituzten, eta hala, eraikin nagusiari hiru solairu gehiago eta gorputz erantsi bat gehitu zizkioten.


Plano Reformas

1951. urtean, galdaketarako pabilioi berri bat eraiki zuten, eta lau urte geroago, 1955ean, berriro handitu behar izan zuten. Epealdi horretan, halaber, bulego eraikina egin zuten, 1957an amaitua. Azken batean, une bakoitzeko premiek eragin zuten pabilioia handitzea, eta hori, gehikuntzaz egin behar izan zuten, Eibarren oraindik ere oso ohikoa den prozesuari jarraiki. Era horretan, neurri aparteko eraikin bat sortu zuten, "Eibarren bihotza", hainbat hamarkadatan bere sirena-hotsarekin hiriaren eguneroko erritmoa ezarri zuena.


Edificio de Oficinas

Gaur egun fabrika hori desagertua dago, antza denez inolako aztarna fisikorik utzi gabe, ez arkitekturan eta ez inguruko urbanismoan ere. Nolanahi ere, Ego-gain kaleak gogora dakarkigu izan zela Eibar industrial bat, Ego ibaiari lurra janez eraikia eta garatuz joan zena, hala nola bertako tailerrak, Alfa enpresak egin zuzen bezalaxe, su-armak ekoiztetik beste kontsumo-gai batzuk ekoiztera igaro ahala. Alfa enpresaren industria-eraikina desagertzean geratutako hutsune horretatik mintzo zaigu Eibarri buruz. Gure esku dago haren oroimena gordetzea.


Sala de exposiciones ano 1953


Anemona Studioa, 2015, Eibar www.anemonastudioa.com
Ondartez www.ondartez.com