« Volver a la noticias

Hilabeteko pieza

2019-02-28  ¦  Gema

Bizikletaren osagaiak, eskuz apainduta

Hilabeteko pieza

Hil honetan, duela mende bat baino gehiago bezala, martxoaren 8an, Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna ospatuko da. Hori dela eta, emakumearen eskubideen eta berdintasunaren aldarrikapenarekin bat egite aldera, Eibarko emakumeek egindako bizikletarako osagai multzo hau hautatu dugu hilabeteko pieza gisa: Beistegui Hermanos enpresaren kate-estalki bat, eta G.A.C. eta Orbea bizikleten koadrorako bi txapa apaingarri. Dudarik gabe, haristatze-teknika artisauarekin apaindutako pieza hauek omenaldia egiten diote emakumeek egindako lan garrantzitsuari, bai gure historia industrialaren garapenean, baita hiriaren identitatearenean ere.

Historikoki industria-eredu izanik, XX. mendearen hasieran, Eibarrek jada bere enpresa ospetsuenetako hiru zituen: Beistegui Hermanos (B.H.), Gárate, Anitua y Compañía (G.A.C.) eta Orbea, zeintzuek hasieran goratze bidean zen arma-industria arrakastatsuan jardun zuten. Dena den, Lehen Mundu Gerra amaitzean izandako krisiaren ondoren, Eibarko armagintza sektoreak iraupen-estrategia berriak bilatu behar izan zituen eta horrek gure industriaren dibertsifikazioaren hasiera ekarri zuen. Testuinguru ezinbestean berritzaile honetan Beistegui Hermanos, G.A.C. eta Orbea, beste enpresa asko bezala, bizikletak produzitzen hasi ziren, armen ekoizpena utzi gabe. Hainbat birmoldaketa-hamarkada pasa eta gero, eta jardun industriala erabat berriztuta, hiru enpresa hauek arrakasta ekonomiko eta komertzial handia lortu zuten, gerraosteko urteak pasata bereziki. Garai berrietara egokituriko une hartan, errekuperazio eta oparotasun industrialaren denboran, Eibarko emakumeek leku ezin garrantzitsuagoa eduki zuten erreminta-makinaren sektorean. Hala ere, normalean udal zerrendetan ez zen egoten emakumeen erregistrorik, ezta errepresentazio profesionalik ere.

Hilabeteko piezok emakumeek egindako lan zehatzaren espezializazioa erakusten digute, trebetasun handia eta fintasuna eskatzen dituena. Haristatzearen dekorazio-teknika artisauak, gaur egun zaharkitua industria-baliabide berrien mesedetan, piezen markaren kalitatea eta izen ona egiaztatzen zituen. Lan hori bereziki emakumeek egiten zuten Orbea, G.A.C. eta Beistegui Hermanos tailerretan.

Gauza jakina da emakumeek, lan horiez gain, beste asko ere egiten zituztela: margotu aurreko prestaketa-lanak, kromaketa-eta nikelateztatze-bainuetako inmertsio-oinarrietan piezak muntatu, bilketa- eta muntaketa-lanak, gurpilak zentratu, baita galdaketa- eta forjatze-lanak ere. Askotan lana gogorra zen eta lan-baldintzak eskasak. Gaur egun toxikotzat eta arriskutsutzat hartuko liratekeen eginkizunak babes-neurririk gabe egiten zituzten, substantzia kutsatzaileak erabilita ere. Zorionez, gaur egun emakumeen lan-baldintzek hobera egin dute; are gehiago, aldaketei eta transformazio sozialari buruz hitz egiten da. Dena dela, emakumeen egoera hobetzeko eta berdintasuna lortzeko, gure gizarteak oraindik ere erronka sozial eta ekonomiko garrantzitsuei egin behar die aurre.

Horiek horrela, Armagintza Museoa bisitatzera animatzen zaituztegu, non Eibarko emakumeen lana gertuagotik ezagutzeko aukera izango duzuen. Emakume "arruntak" izan ziren, gure historia osatu eta eraiki zutenak.