Gremioen sasoiaren amaiera. XIX. mendea.

XIX. mendeko Eibarko tailer bateko soinuek girotzen dute areto hau, eta Zamakolako makinak dira protagonista. Gune honetan tailerren garrantziaren berri ematen da, Eibarko industriaren eta bertako enpresa-antolaketa bereziaren benetako oinarria izan ziren aldetik.

Industriaren hastapenek eta lehenengo enpresek betetzen dituzte areto honetako erakusleihoak, eta Errege Arma Fabriketarako egindako lanari esker lortutako esperientziatik abiatuta ekimen pribatua nola sortu zen azaltzen zaigu. Ibarzabaldarren tailerretik hasi eta Orbea lantegi handira bitartean, mende honetako enpresarik garrantzitsuenek bere tokia dute hemen. Errebolberrak, errifleak eta arma berezi bat, bastoi-eskopeta, Eibarko armagileen bultzadaren adibide dira, baina ez dira beste hainbat jarduera ere ahantzi behar: galdaragintza, makinagintza, eta abar.

Damaskinatua armak apaintzeko erabili izan zen, baina arte-lan independente gisa ere baliatu zen, eta esan daiteke, beraz, gure herriko funtsezko beste jardueretako bat izan zela, lana arte bihurtuz. Placido Zuloagaren figura bere lanen eta bere zirriborroen bidez dago ordezkatuta. Ekoizpen-prozesu berriek Eibarko tailerretan mekanizazioa sartzeko aukera eman zuen energia hidraulikoaren garrantzia nabarmentzen dute. Berez garestiak ziren jarduerak, hala nola, leunketa, une honetatik aurrera errazago egin daitezke, eta lanbide tradizional jakinetan, akabatzailearenean, esate baterako, espezializazioa agertzen da.

XIX. mendean bihurtzen da Eibar hiri. Trenbideari eta energia elektrikoari esker, eta biak ere Eibarko enpresariek bultzatuta iritsi ziren, mendea amaitzean hiribildua goitik behera eraldatu zen eta XX. menderako ateak zabaldu zituen.