Bizimodua, Merkataritza eta Gizartea.

Bigarren guneak armagintzarekin zerikusirik ez zuten hainbat faktorek Aro Modernoan industria horren garapenean izan zuten garrantzira hurbiltzen gaitu. Hemen bisitaria XVI. mendeko Sevillara joango da, eta han merkatari eibartar garrantzitsu bat, Martin Lopez de Isasi, izango du zain Sevillako bere bulegoan. Lopez de Isasik gauza ugari erakutsiko dizkio bisitariari: zer-nolako garrantzia izan zuen Eibarrek Andaluziarekin, itsasoz haraindiko lurraldeekin eta Europa iparraldearekin izandako merkataritza-harremanak; emakumeen eragina armagintzaren herriko gizartean eta industrian; eta, jakina, Eibarko leinuen laguntza eskerga bertako manufaktura-industrien sustapenean. Baina ?beste industriara?ere hurbilduko gaitu, armagintza garrantzia hartzen joan ahala bigarren mailan geratu zen arren XVII. mendeko Eibarren bilakaera historikoan garrantzi nabarmena izan zuen industriara, alegia. Soraluzeko Errege Arma Fabriketan lana gutxitu zenean, Eibarko maisu armagileek beste lan batzuetan hasi behar izan zuten, besteak beste, iltzeak eta zilarbizia Ameriketara garraiatzeko ontziak egiten. Militarren uniformeak apaintzeko metalezko gurutzeak ere egiten zituzten; lan hori jatorriz flandestarra zen eta Soraluzeko Errege Arma Fabriketako kontularia izatera iritsi zen Jose de Lamot eibartarrak sustatu zuen. Hori guztia Eibarko ekonomiak eta gizarteak aldaketetara egokitzeko eta krisiak gainditzeko erakutsitako gaitasunaren adibide da.