« Volver a la noticias

Hilabeteko pieza

2017-12-01  ¦  Marina

“INDUSTRIAS ALBIZURI”-ren SUKALDEKO TRESNAK

Hilabeteko pieza

Gabonak heltzear daudela, eta sukaldean ordu asko pasatu beharko dugula kontuan edukita, hilabete honetarako, Eibarko “Industrias Albizuri” enpresan egindako sukaldeko tresna multzo bat aukeratu dugu.

Enpresa hau Angel eta Jose Albizuri anaiek sortu zuten 1945an. Hasiera batean, automozioarako piezen mekanizazioan aritu baziren ere, segituan hasi ziren trokelak, burdindegiko piezak eta seguritateko gerrikoentzako mosketoiak egiten.

Lehenengo lantegia Victor Sarasqueta (Grabadoreak) kaleko baxu baten egon zen, beraien etxetik gertu. 50. hamarkada bukaerarako Legarrera mugitu ziren, eta hurrengo hamarkadetan Hegoamerika eta Europako hainbat herrialdetara esportatu zituzten beraien produktuak. 1995an betirako itxi ziren “Industrias Albizuri”-ren ateak.

Batez ere punzoiak eta mosketoiak egiten oinarritu ziren, eta ez zituzten sukaldeko tresna asko egin, baina gendeari multzo hau erakustea interesgarria iruditu zaigu. Azken finean, Eibarko industriaren historia eta ondarearen atal garrantzitsu bat dira.

Aukeratzeko dozenaka pieza bagenituen ere, hauek aukeratu ditugu: patatak zuritzekoa, bi aizto-zorrozkailu (handia eta txikia), sagar-zulatzailea, intxaur-hauskailua eta erabilera anitzeko “txangoetarako” lata-irekigailua. Lehenengo laurak egurrez eta altzairu herdoilgaitzez eginda daude; azkeneko biak, altzairu herdoilgaitzez bakarrik. Tresna hauetaz gain, “Industrias Albizuri”-ren prezio-orri bat eta bisita-txartel bat egongo dira ikusgai.

Etorri museora piezak hauek gertutik ikustera, hemen barruan epel-epel egongo zara eta!

Pieza guzti hauek Angel Albizuri Ormaetxeak dohaintzan eman zizkion Armagintzaren Museoari 2011ko apirilean.