« Volver a la noticias

Hilabeteko pieza

2017-10-24  ¦  Marina

Orbea bizikleta zela

Hilabeteko pieza

Eibarren 50eko hamarkadan egindako bizikleten aldi baterako erakusketa aprobetxatuz, urrirako aukeratu dugun hilabeteko pieza Orbea bizikleta baten larruzko zela da.

Zelak burdinazko euskarria, bi malguki eta kobrezko 9 errematxe ditu. Fabrikatzailearen marka bi alboetan ikus daiteke.

Bizikletentzako larruzko lehenengo zela Birmighan-en egin zuen JB Brooks & Co. enpresak. Leicestershire-ko bere jaiotetxetik 20 librarekin irten ondoren, John Boultbee Brooksek sortu zuen 1866an zaldientzako uhaleria eta larruzko gauzak egiteko enpresa hau. 1878an Brooks jaunari zaldia hil zitzaion, eta beste bat lortzeko aukerarik ez zuenez, bizikleta bat eskatu zuen lanera joan ahal izateko. Bizikletaren eserlekua oso deserosoa iruditu zitzaion, eta konponbide bat aurkitzea promes egin zuen. Honela, 1882ko urriaren 28an, bere lehenengo larruzko zela patentatu zuen. Produktu berri honek sekulako arrakasta izan zuen Europa osoan.

1927an, JB Brooks & Co.-k B66CH “Champion” modeloa kaleratu zuen, bi malguki eta kobrezko errematxeak zituena. Hau izan zen garaiko zela famatuena. Orbeako 40ko eta 50eko hamarkadetako argazki eta katalogoetan gurea bezalako zelak ikus daitezke; hauek, "Champion" modeloaren oso antzekoak dira.

Hamarkada horretan ere, Orbea Hermanos y Cía-k armak egiteari utzi eta bizikletagintzan hasi zen. Baina zein izan zen Orbearen jatorria?

Orbearen lehenengo hazia Juan Manuel, Mateo eta Casimiro Orbea anaiek jarri zuten XIX. mendearen erdialdean. Enpresa hasiberriaren ekoizkin ospetsuena arma motza izan zen eta bere bezerorik garrantzitsuena Espainiako Gobernua. Gainera, Orbea izan zen energia elektrikoa ipintzen lehenengoa. XX mendean, Lehenengo Mundu Gerrari esker Eibarko armagintzak eduki zuen urrezko garaia eta gero, armen eskaria jaitsi eta armen esportazioa debekatu zen. Ondorioz, hoditeriarekin zuten jakitea aprobetxatu eta bizikletagintzari ekin zioten. 40ko hamarkadarako Orbeak 1.000 langile zituen eta urtero 50.000 bizikleta ekoizten zituen.

Lehenengo urte horietan, zelak, pneumatikoa eta egurrezko hagunak bezala, ez ziren Orbeako instalazioetan egiten, eta bezeroaren aurrean horien erantzukizuna hornitzaileak berak zuen. 60ko hamarkadarako, ordea, gurpil- azala izan ezik, gainontzekoa bertan egiten zen.

Bitxikeria modura, mota honetako zelaren larrua ontzeko 800 bat kilometro egin behar dira bizikleta gainean. Hortik aurrera, izugarri erosoak dira.

Piezaren emailea: Carlos Narbaiza