« Volver a la noticias

Hilabeteko pieza

2017-05-04  ¦  Marina

2017ko maiatza: Mateo Kareagak grabatutako La Paloma eskopeta, PR modelokoa.

Hilabeteko pieza

Maiatzeko agenda bete beteta daukagu museoan. Egingo ditugun ekintzen artean maiatzaren 6an (larunbat honetan), inauguratuko dugun “Gernika. Minaren oihua” erakusketa dago.

Guztiok dakigunez 1937an Parisen egin zen Artearen eta Teknikaren Nazioarteko Erakusketaren Espainiako pabiloian Picassok egindako koadro handi bat nabarmendu zen beste guztien gainetik: gerraren aurkako ikur unibertsala bilakatu den Gernika, Picassok 1937ko apirilaren 26an herri hartan izandako bonbardaketak hunkituta pintatu zuena.

Horren gauza ezaguna ez bada ere, erakusketa hartan grabatzaile eta armagin eibartarrak ere izan ziren, beraien produktuak eta lanak aurkezten eta Eibarko artea mundura zabaltzen. Egingo dugun erakusketa artista haiei omenaldi bat da, eta baita hilabete honetarako aukeratu dugun pieza ere, 1937an Parisen ikusgai egon zena: Mateo Kareagak grabatutako La Paloma eskopeta, PR modelokoa.

Ehiza-eskopeta hau 1928an egin zuen Viuda e hijos de Juan José Sarasqueta etxeak. Juan José Sarasqueta bere anai Victor Sarasquetarekin hasi zen armagin lanetan 1887an, baina gero bakoitzak bere bidea hartu zuen eta 1904an Juan Josék La Paloma marka erregistratu zuen, ekoizten zituen eskopetak bereizteko. Bere heriotzaren ostean markak Viuda e hijos de Juan José Sarasqueta izena hartu zuen, eta 1920-1975 bitartean egon zen irekita.

Alderdi teknikoagoei begira, atzekargako arma baten aurrean gaudela esan dezakegu, tiro bakunekoa eta perkusio zentralekoa, 12 mm-ko kalibrearekin. Kargatze prozesua eskuz egin behar da, kanoien irekiera baskulatzailea delarik. Baskulan integratuta daude perkutoreak edo kolpekariak eta tiragailuak blokeatzen dituen segurtasun sistema ere. Berezitasun moduan, armak bi tiragailu dituela nabarmendu dezakegu: lehenengoa eskuineko kanoiari dagokio, eta bigarrena ezkerrekoari.

Dekorazioak ere garrantzia berezia dauka pieza honetan, izan ere Mateo Careaga eibartar grabatzaileak egindako behe-erliebe ederrak apaintzen dute. Hiru ehiza-eszena tradizional eta lore-motiboak dira nagusi, erliebean zizelkatutako marrazkien bidez irudikatuta. Egileari dagokionez, Eibarreko grabatzaile familia batetik zetorren, eta garrantzi historiko handiko piezak egitera iritsi zen, esaterako Asturias eta Leongo Kontseiluaren monetak Gerra Zibilaren garaian. Ezaguna da baita ere Eibarren Bigarren Errepublika aldarrikatu zenean errepublikako bandera lehen aldiz altxatzeko ohorea egokitu zitzaiolako. Momentu hartan udalbatzako zinegotzi gazteena zelako izan zen aukeratua (Acción Republicana alderdikoa).

1937ko erakusketan egoteaz gain, eskopeta hau Alfontso XIII.a erregeari ere aurkeztu zitzaion 1928an Astra, Unceta y Cía fabrikara egin zuen bisita batean. Argi dago beraz arma honek ibilbide historiko benetan nabarmena izan duela, eta Eibarko armaginek egiten zuten lanaren kalitatea eta balioa agerian usten dituela.

Horregatik, harrigarria da Pariseko erakusketaren ostean eskopeta galduta egon zela jakitea, 50eko hamarkadan baskula Eibarko tailer batean agertu zen arte. Lanaren kalitateak harrituta, Pablo Sarasua damaskinatzailearekin kontaktuan jarri ziren, kasualitatez, Mateoren osaba zena. Kanoia eta kulata falta zitzaizkionez berreraiki egin behar izan zuten, baina eskopeta berriz iritsi zen Careagatarren eskuetara. Hasierako dekorazioa egin zuenetik 30 urte igaro baziren ere, Mateok kanoiko apaingarriak gehitu zituen.