« Itzuli albistegira

Hilabeteko pieza

2017-07-04  ¦  Marina

NAI patinak

Hilabeteko pieza

Hilabete honetan garraio bide alternatibo bat proposatzera gatoz: Nai markako patin batzuk (dena ere ez da bizikleta izango Eibarren.

Lehenengo egin zen patin mota hortz bat daukana da, Europa iparraldeko herrialdeetan izotz gainean mugitu ahal izateko asmatu zena. Iturri batzuen arabera Kristo Aurreko denboretatik erabiltzen ziren, baina ez zuten egun daukaten itxura hartu XIX. mendera arte (hasieran hortzak hezurrez egiten ziren eta patinak oso deserosoak ziren erabiltzeko). Gurpildun patinak aldiz, XVIII, mendean azaldu ziren lehen aldiz. Kontuan izan behar dugu hasiera batean patinen beheko aldea plataforma antzeko batera lotuta zegoela, eta uhalen bidez lotzen zela zapatara. Zapatan bertan txertatutako patinak joan den mendean asmatu ziren, baina horren aurretik modelo ezberdin (eta seguruenik lesio) asko egon zen.

Esku artean daukagun pieza, argi ikusten denez, izotzerako patin pare bat da, zehatzak izateko mota klasikoko izotz patin pare bat (beste bi modalitate ere badaude; hockeyan erabiliak eta abiadurazkoak).Hortza guztiz zuzena ez den altzairu tenplatuzko pieza bakar batek osatzen du, aurreko aldean zazpi hortzez osatutako zerra daukana. Gurpildun patinetan kokapen honetan frenoa badago ere, izotzezko patinetan ez da zerra horretarako erabiltzea gomendatzen, eta normalean patinaje artistikoko zenbait irudi egiteko baino ez da erabiltzen; esaterako jauzi pikatuak. Goiko aldea bota zuri altu batzuk dira, jatorrizko lokarriekin. Ondo begiratuz gero goiko aldean lokarriak kako bidez lotzen direla ohartuko gara, oinari mugimendu askatasuna eman baina aldi berean ondo eutsita mantentzeko. Botak larru oso zurrunez eginda daude, orkatilak bihurritzea ekiditeko. Aipagarria da halaber patinaren beheko aldea torloju bidez dagoela lotuta zapatara.

Bitxikeria moduan patinaren beheko aldean “ANOETA” jartzen duela ere ikusi dugu, agian Gipuzkoako izotz gaineko pista iraunkor bakarra bertan dagoelako eta hauek han erabili zirelako. Hala ere hipotesi bat baino ez da.

Horrez gain hortzean grabatu bat ere badauka, patinen ekoizlea Eibarko NAI enpresa izan zela jakiteko balio diguna, 50eko hamarkadan Carlos Narbaizak sortu zuen tailerra. Eibarren hainbat kokaleku ezberdin izan zituen enpresa honetan denetarik ekoiztu zuten: patinak, gurpil-oholak, automobil giltzarako pieza txikiak…

Baina Carlos Narbaizak hori baino gehiago egin zuen. Izan ere, jubilatu zenean Eibarren ekoitzitako pieza ezberdinak biltzen hasi zen, balio handiko bilduma bat osatuz. Bizikletak, garbigailuak, tamaina guztietako piezak eta tresnak, damaskinatuak… denetarik dago 2000 pieza inguru dituen bilduma honetan. Carlosen heriotzaren ostean familiak udaletxeari eman zion dohaintza moduan, eta gaur egun museoak katalogazio lanetan dihardu. Bilduman agertzen diren enpresa guztien artetik (Super-Ego, Abelux, Alfa…) NAI eta bertan egiten zuten lana argitara atera nahi izan dugu hilabeteko pieza honekin, eta bide batez beste behin Carlos Narbaizari eskerrak eman Eibarko memoria mantentzen horrenbeste laguntzearren.