1912


Eibarko Armagintza Eskolak sekulako mugarria jarri zuen hiriaren industria-historian, inguruko industrietatik zetorren eskulan espezializatuaren gero eta eskaera handiagoari prestakuntza egokia ematea lortu baitzuen. XX. mendearen hasieratik horrelako eskola bat sortu beharraz mintzatu ziren hainbat pertsona, eta horien artetik Pablo de Alzola ingeniaria nabarmendu zen gehien, Belgikako Lieja herriko eskola eredutzat hartuko zuen bat zabaltzea proposatu baitzuen 1908. urterako.


Eskola hori zabaltzearen egokitasunari buruzko zenbait azterlan egin ondoren, 1912ko uztailaren 1ean Eibarren Armagintza Lanbide-Eskola sortzea erabaki zuten, lanbide horren ikaskuntza eta prestakuntzarekin batera irakaskuntza teorikoak eta teknikoak eskainiko zituena. Horren estatutuak eta araudiak prestatzeko, sustatzaileek, Pablo de Alzolaren nahiarekin bat eginez, gisa bereko ikastetxeak hartu zituzten eredutzat, esaterako Belgikako Lieja eta Saint–Etienneko eskolak, eta hala, Eibarko eskolak hasiera-hasieratik eduki du harreman bat ikastetxe horiekin.


Armagintza Eskola, beraz, horrelako ezaugarriak zituen lanbide-heziketako lehen ikastetxe bilakatu zen, baina ikastetxea sortu izana garrantzi handikoa izan zen Euskal Herri osoarentzat, eredu paradigmatiko bihurtu zelako, beste lanbide-eskola batzuk zabaltzeko adibide. Hori sortzeko ekimena Eibarko armaginena izan zen –hortik datorkio izena–, baina hasieratik bertatik udal ikastetxe bat izan zen, Eibarko udala izan zelako hori sortzeko interesatuenetako bat. Nolanahi ere, Gipuzkoako Aldundiak ere parte hartu zuen finantzaketa horretan, eta hala, 3.500 pezetako urteko diru-laguntza bat eman zuen horretarako, baita Madrilgo gobernuak ere, Fermín Calbetón ministroaren izapideei esker. Gipuzkoar honen inplikazioa hainbesterainokoa izan zen, Eibarko Udal Batzordeak, Eskolaren sorreran egindako ahaleginak eskertu nahirik, 1913. urtean Unzaga kaleari izena kendu eta Fermín Calbetón jartzea erabaki baitzuen, herriko seme adoptatu izendatuz.


inmueble original

Tamaina honetako eskola batek instalazio egokiak behar zituen, eta hala, Udalak proiektu hori Augusto Aguirre arkitektoaren esku uztea erabaki zuen. Obrak 1913ko urtarrilaren 6an hasi ziren, eta garai hartako itzal handieneko pertsonek parte hartu zuten ekitaldi arranditsu batean. Jatorrizko higiezina, gerra zibilean suntsitua eta gaur egungoak 1950ean ordezkatua, hiru solairutan banatua zegoen, eta bertan zeuden etorkizunean armagin eibartarrak izango zirenen prestakuntzarako beharrezko gela guztiak. Behe-solairuan makineria-tailerra, biltegia, liburutegia, museoa, fisikako kabinetea eta zuzendaritza-gela zeuden. Lehen solairua, oso-osorik, erakundearen gela nagusienetako batek hartua zuen, hots, doikuntza-gelak, eta bertan, 75 ikaslerentzako tokia zegoen, hiru multzotan banatuta. Azkenik, goiko solairuan marrazketa-gela eta bi matematika-gela zeuden.


Valentin Orbea


Eraikin itzel hau eraikitzeko lanek iraun zuten bi urteetan, behin-behineko kokaleku batean eskaini zituzten klaseak, pilotaleku zaharraren instalazioak aprobetxatuz. Armagintza Eskolako administrazioa eta martxa, hasiera hartan, langileek eta Eibarko industrialari garrantzitsuenek osatutako batzorde baten esku egon zen, baina Proba Bankuak ere parte hartzen zuen, XX. mendearen hasierako erakunde garrantzitsuenetako bat izaki. Bertako lehen lehendakaria Valentin Orbea izan zen, 1912. urtean Eibarko arma-lantegirik handiena izandako (langileen kopuruari zegokionez bederen) Orbea Hermanos enpresako zuzendaria. Orduz geroztik, Eskolak hainbat eibartar belaunaldiri eskaini die prestakuntza, eta dagoeneko 100 urte baino gehiago bete ditu; ibilbide horretan, jakina, irakaskuntza-plan desberdinetara egokitzen joan da.


escuela armeria hoy en dia

Armagintza Eskola honetan 1914. urtean arma-bilduma bat egiten hasi ziren, eta bilduma horixe dugu, hain zuzen ere, Eibarko Armagintza Museoaren jatorria. Gaur egun, bilduma horrek 1.000 pieza baino gehiago ditu, batez ere su-arma laburrak eta luzeak, hiri honen industria-historia garrantzitsua laburbiltzen dutenak. Balio handiko bilduma da eta Armagintza Museoan, Portalean, sakonago ezagutzeko aukera dago.


alumnos escuela armeria

Anemona Studioa, 2015, Eibar www.anemonastudioa.com
Ondartez www.ondartez.com